Dantza taldea

Alurr
Dantza
Taldea

Alurr Dantza Taldea Ibarran egoitza duen dantza taldea da. Talde honek 1995ean hasi zuen bere ibilbidea eta dantza tradizionalaren irakaskuntza oinarritzat harturik proiektu pertsonal bat eratzen joan da orduz geroztik, beti ere dantzatik baino haratago dagoen ikusmira batekin.

Koreografo ospetsu eta dantzari gazteen ekarpen berritzaileek, euskal pausu eta dantza tradizionaletan oinarritutako koreografia berriak sortzeko aukerak ahalbidetu ditu.

Horrela izanik eta oinarri tradizional batetik abiaturik, nortasun berritzaile bat lortu dugu. Dantza tradizional, klasiko eta garaikideak elkartu eta alderdi hauek gure musika, erritmo eta jantzietara eramaten ditugu. Antzeztokiko estetika ere mailarik altuenean zaintzen saiatzen gara.

Alurrek, bere ikuskizun eta dantzak batik bat Euskal Herriko probintzia ezberdinetan erakusten saiatu arren, bere lanak beste hainbat txokotan erakusteko aukera ere izan du, hala nola, Frantzia, Eslovenia, Alemania, Irlanda, Italia, Galizia eta Katalunian.

Lan honen ondorio dira urtez urte Alurrek antzeztokietara eraman dituen ikuskizunak

Sua (2008), Oinazez (2010), Izanak Dirau (2012), 1512 (2012), Uztartuz (2012), Soinaz (2013), Bi punturen artean (2015), Lanabesak (2015), Maruxak – sorginkeriaren sorterri (2017), Irradak (2017), Gattiu (2021), Itsas Lapurrak (2022), Luberri (2023) eta Laia (2023)

1995 urtetik
gaur egun arte

gure historia urtez urte

  1. “Azkunde” izenarekin jaiotzen da dantza taldea, guraso talde bat ikastolarekin elkartu ondoren kulturaren alde lan egiteko asmoz. Neska-mutil talde batek eta bi txistularik osatzen zuten Azkunde.

  2. Tolosako “Arkaitz” dantza taldeko irakasleen laguntzaz aurrera jarraitu zuen taldeak. Emanaldiak ikasturte bukaeran egiten ziren, herriko gazte festekin batera, urtean zehar ikasitakoa erakutsiz.

  3. Garai honetan Jose Luis Zubeldia hasi zen herrian dantza ikastaroak ematen. Dantza taldea federatu egin zen 1993an, eta dantzarientzat lehenengo jantziak egin ziren garai hartan. Taldearen izena ere aldatu zuten, “Alurr” (lurra) hitza mitologia liburu batean aurkitu ondoren.

  4. Urte hauetan lehenengo mutil taldea osatu zen. Horrekin batera, dantza berriak ere etorri ziren. 1998an emanaldia eskaini zuen Alurrek Tolosako Kilometroetan.

  5. Aro honetan makalaldi bat sufritu zuen taldeak. Jende gutxi geratzen zen, eta hauek ez zuten taldea aurrera eramateko denborarik. Egoera ikusita, herrian hainbat bilera egin ziren, eta azkenik Edu Muriamendiaraz ekarri zen irakasle modura. Eduk, dantza tradizionaleko oinarriak mantenduz, koreografia, eszenografia eta arropen berrikuntzak ekarri zituen. Orduztik, norabide horretan jarraitu du taldeak.

  6. Urte hauetan, taldeak lehenengoz Euskal Herritik kanpo emanaldiak eskaini zituen: Italia, Bartzelona, Alemania, Irlanda…

  7. Alurrek bere lehen ikuskizuna sortu zuen: Sua. Horretaz gain, taldeko dantzariek Eslovenian dantzatzeko aukera izan zuten.

  8. Taldeak bidaiatzen jarraitu du: Frantzia, Galizia, Bartzelona… eta Aiert Beobide eta Iñaki Agirreren zuzendaritzapean hainbat emanaldi oholtzaratu: Oinazez, Soinaz, Izanak Dirau, Uztartuz, Lanabesak, Bi Punturen Artean, Maruxak eta Irradak.

Filosofia

Behin, adineko emakume ile zuri batek zera esan zuen: “Egunsentiak bezalakoak gara; agertu eta desagertu egiten gara. Batzuentzat oso garrantzitsuak izan arren, beste askok ez gaituzte ezagutu ere egingo. Eta horrela da dena, bizitza bera bezela. Agertu eta desagertu. Batzuek eurekin nahi gaituzte, baina gu iragaitzaz bakarrik gaude hemen”.

 

Esaldi hartatik abiatuta, momentu baterako sortzen diren pizgarri gisan ulertuko genuke geure burua. Jarraian datozenen sua piztuko dutenak edota bidea argituko dietenak.

 

Tradizioaren metaforarekin lotu dezakegu hau: gure arbasoek gure erraietan landatutako haziak ereiten dihardugu. Eta guk, dantza dugu transmisio, dantza dugu ilusio, perkusio, emisio, adorazio, inspirazio, bokazio, deklarazio eta tradizio.

 

Tradiziotik sorkuntzara egiten dugun jauzi hortan sartzen da pasioz eta erritmoz egiten dugun pauso bakoitza.

 

Tradizioa errepresentatu behar dugunaren ardura aspalditik hartua dugu, baina hori bera garaikidearekin nahasten dugu. Azken finean, hitzekin esaten ez dakigun hori dantzarekin kontatu ahal izateko.

 

Euskal kulturatik errotu baina beste kulturetatik elikatzen garen dantza taldea gara. Jatorri eta iturri desberdinetatik gure kultura zabaldu eta aberastuz.

 

Alurr, lurra da. Oinatza utzi eta lur hartutako hazia apurka-apurka ereiten duena.

 

Izan zirelako gara, garelako izango dira! Denok gara Alurr!

X